MEMORIAREN GAZI-GOZOA

Bere aurpegia zeharkatzen duten malkoak potoloak dira, pisutsuak. Hipnotikoa da marrazten duten bidea. Begiak bustirik, ni nago negarren begirale gaur. A-k aske uzten ditu, minez. Edo ez. Ez dakigu. Berak ere ezin baitu adierazi gertatzen zaiona. Halere, ez nau lasaitzen negarrez ikusteak eta horregatik estutu egiten dut bere eskua; nire behatzekin estaltzen dut berea, babesten dut, indarrez baina bera mindu gabe. Ahul dagoelako A, itzaltzear. Badakit. Baita berak ere.

Gela honetan argiak ez du atsedenik ematen; ez da inoiz itzaltzen, ezta gaua iristen denean ere. Argazkirik ez horma berdeetan, inora begiratzen duten leiho handiak eta armairu huts bat, beste mundu batera eramango ote gaituen zain. A ohe batean dago, logelaren erdian, etzanda. Maindireak, lixaren gisakoak, zuri kolorekoak dira.

Etengabe bisitatzen dute A; arretaz zaindu egiten dute noizbehinka irribarrea erakusten duten ezezagunek. Enbor zurruna, hontzaren pareko begiak, marroi kaoba kolorekoak ditu A-k. Begiak kliskatzen zaizkio noizbehinka. Betazalek asko pisatzen dute jada. Dena bilakatu da pisutsu A-rentzat, bizitza bera ere bai. Inguratuta dago; bakarrik, ordea. Ez du ia gorputza mugitzen, baina barrutik dena ari zaio nahasten. Ez da borroka bukatu oraindik, A-k, baina, aspaldi eman du amore. Baita nik ere.

A-ren aurpegian ikusten ditudan negar-malkoak memoria gordetzen duten zakuak direla imajinatzen dut. Zorro gardenak. Mingarriak. Malenkoniatsuak. Beharrezkoak. A-rentzat edo niretzat? Akaso biontzat. Beherantz doaz, presarik gabe, eta A estaltzen duen ohe-atorran amaitzen dute bidea, putzuak sortuz. Sakon-sakonak. Iragana dago bilduta kristalezko tanta horietan eta ezin ditut oparitu dizkidan oroitzapenak hartu; poltsikoan gorde nahi nituzke, betiko, baina ezinezkoa da, malkoak ukitu bezain laster nire behatzetan desegiten direlako. Eskuak heze, bihotza harri. Horrelakoa izaten da oroimena, hauskorra.

Aztarna utzi dute malkoek, bere aurpegian nahiz nirean, azaletik barraskilo bat igaro izan balitz bezala. A-k agerian utzi dizkit, nik ikusteko isuri ditu, ziur. Agur ari da esaten horrela. A imitatzen saiatu naiz baina nik ez diot oraindik agurrik esan nahi.

Azkenean lortu dut. Zurekiko maitasun zintzoa zaku batean biltzea neketsua izan da baina hortxe duzu, Ama, begitik atera berria, astuna eta mardula, senti ezazu zein zoragarria izan den nire bizitza zure altzoan.

Erlojuaren orratzek jada ez dute aurrera egiten. Denbora eten da, nire bihotza, ordea, bizi-bizi. Lau horma horien atzaparretatik atera naute. Zulo beltza dakusat, itota.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s